Prentsa-oharra, 2022ko azaroaren 2a. BDF. Nota de prensa, 2 de Noviembre del 2022. BDF.
Prentsa-oharra, 2022ko azaroaren 2a. BasqueDokFestibala.
Isabel Diezek, kazetari eta BasqueDokFestibaleko kolaboratzaileak, egindako prentsa-oharra.
David Arribas argazkilariaren «Ansia» lana izan da BasqueDokFestibalaren hirugarren edizioa inauguratu duena
Gaur arratsaldean, BasqueDokFestibal deituriko argazkilaritza-jaialdiaren hirugarren edizioari hasiera eman dioten inaugurazio-ekitaldiak gauzatu dira. Ekitaldiok UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, Abandoibarran (Bilbo), antolatu dira, eta David Arribas izan da eguneko protagonista. «Ansia» da bere lanaren izenburua, eta argazki-liburu batez gain, punk mugimenduaren esentziari buruzko erakusketa bat ere biltzen du. Irudiek punk mugimenduaren jarraitzaileen bizimodua dokumentatzen dute, sei urte baino gehiagoz. Beraz, obra horretan jarraitzaileen eguneroko bizitzako hainbat alderdi ikus daitezke: euforia eta neurrigabekeria momentuetatik hasi, eta egunerokotasunera edo etxe barruko intimitatera iritsi arte.
David Arribasek bere obrari buruz honako hau dio: «La Polla Records, Efectos Sekundarios eta okupa etxeetan zein kontzertu-aretoetan ikusten nituen beste hainbat talde entzunez hazi nintzen. Oso ondo ezagutzen nuen gai bat zen, eta horregatik jo nuen argazkilaritza ikastean barneratu nuen lehen ikaspenera: egin hurbilen duzun hori».
David Arribasen argazki-liburu formako lehen lan hau crowdfundingaren bitartez finantzatu da, eta zenbait sari jaso ditu, hala nola: International Photo Award (IPA), Beca del Seminario de Albarracín, MonoChrome Awards eta Kolga Tbilisi Phest Award. Horren aurretik, «Ansia» Helsinki Photo Festival, Imaninaria (Castellón) eta Wearphoto (Huelva) bezalako jaialdietan ere egon da ikusgai.
BasqueDokFestibalak lortu nahi duena da argazkilaritza bera, argazkilaritzak gainditu beharreko erronka berriak, bere eboluzioa eta teknologia berrien agerpenarekin azken horrek duen etorkizuna ezagutzera ematea, bai eta jendea horien inguruan hausnartzera eta eztabaidatzera bultzatzea ere. Festibala Bilboko Udaletxeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak babesten dute. Gainera, BlackKamera Eskolak eta Urdanik Kultur Elkarteak antolatzen dute elkarlanean.
Azaroaren 2tik 6ra bitartean ospatuko den hirugarren edizioa hainbat jarduerak osatuko dute: mintzaldiek, portfolioen ikuskatzeak, multimediek, sariek, portfolioen aurkezpenek eta masterclassek. 13 argazkilari nazional eta internazionalek hartuko dute parte, eta horien artean Richard Kalvar, Magnum Agentziako kidea; Maysun, gatazketan espezializatutako fotokazetari hispaniar-palestinarra; Gabrielle Duplantier, frantziar artista bisuala, eta Donna Ferrato, Basquedoksaria UPV/EHU 2022 jasoko duen argazkilari estatubatuarra daude.
Informazio gehiagorako: info@basquedokfestival.com
Argazkiak: Urko Diaz de Urue.