Prentsa-oharra. Azaroak 6. Basquedokfestibala. Nota de prensa. Dia 6 de noviembre. Basquedokfestival.
Prentsa-oharra. Azaroak 6. Basquedokfestibala.
Bukatu da Basquedokfestibalaren hirugarren edizioa, eta hitz bakar batean definitu daiteke: arrakastatsua.
Festibalaren azken egunean Bego Antón eta Gabrielle Duplantier argazkilariek ponentzia bana eman dute, eta, argazkilaritzaren bitartez, beraien barne-unibertsoak erakutsi dituzte. Duplantierrek gainbegirada bat eman dio bere obra fotografiko guztiari. “Volta” lanetik hasi, eta “Terres Basses” obrara arte. Lehenengoari dagokionez, “Volta”, argazkilariak azaldu du irudi bakoitzak bere kabuz funtzionatzen duela, eta hamar urtetan zehar egindako lan guztiaren sintesi bat dela. Bigarrena, berriz, “Terres Basses”, ilunagotzat jo du, eta aitortu du ama galdu ostean zeharkatu zuen dolua irudikatzen duela: “Argazkilaritzak bizitzari zentzu berri bat ematen lagundu zidan”. Diferentziak diferentzi, denboraren joanarekin, argazkilaria honetaz konturatu da: “obsesioek natura, emakumeak eta haurtzaroa bezalako gaiengana jotzera naramate behin eta berriz”. Duplantierren irudiek halo poetiko eta oniriko bat dute; autoreak arreta gehiago jartzen dio transmititu nahi duen ideiari, parte teknikoari berari baino: “Ez nau interesatzen batere”, azaldu du.
2017ko PhotoEspañako Errebelazio Sariaren irabazleren, Bego Antonen, hitzetan lantzen dituen gaiak “normalean, ezarritakotik kanpo dauden jarduerak gauzatzen dituzten pertsonei buruzkoak dira”. Ildo horri jarraitzen diote “Everybody loves the ChaChaCha” eta “The Gallop” obrek. Lehenengoak, emakume eta txakurren dantza-lehiaketak erretratatzen ditu, eta oraintsuko obra, berriz, zurezko zaldien salto eta hezieran oinarritzen den kirol bati buruzkoa da; oso ezaguna Finlandiako nesken artean. Autorearen hitzetan: “lan horietan guztietan unibertso bitxiak aurkitzen ditugu, non imajinazioak, errealitatearekin nahastuz, rol garrantzitsu bat duen”. Emakumeen gaia ere oso errepikatua da argazkilariaren obretan, eta horrela erakusten digu “Haiek danak sorginak” obrak; Erdi Aroan, Euskal Herrian, eman zen sorgin-ehizari buruzko kreazio-lana.
Hirugarren edizioari amaiera eman aurretik, zenbait laburmetraia proiektatu dira, Aqaba Media-ren eskutik, bai eta zozketa bat gauzatu, eta festibalak antolatutako argazki-liburuen entrega burutu ere. 2022ko Basquedoksaria-ren entrega izan da jaialdiari amaiera bikaina eman diona. Hirugarren edizio honetan Donna Ferrato argazkilari estatubatuarra izan da saria jaso duena. Sari-banaketa zuzeneko bideokonferentzia baten bitartez gauzatu da Bilbo eta Brooklynen (New York) artean. Sari honen bitartez, estatubatuarraren berrogeita hamar urteko ibilbidea errekonozitu nahi izan da, eta, bereziki, argazkien bitartez indarkeria matxistaren kontra egin duen aktibismo-lan handia. “Living with the enemy” eta “I am Unbeatable” gai honi buruz egin dituen lanik esanguratsuenak dira. 2018an antolatutako lehen edizioan Basquedoksaria Magnum Agentziako argazkilariak, Susan Meiselasek, jaso zuen. Bigarren edizioan, 2019an, berriz, Cristobal Hara argazkilaria izan zen irabazlea, eta Harak, orain dela gutxi, 2022ko Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi du.
Arratsaldean zehar, Bilboko Blackkamera Eskolako instalazioetan bi masterclass burutu dira: bata Gus Powellen eskutik eta bestea, ostera, Gabriel Duplantierren eskutik. Basquedokfestibaleko antolakuntzatik adierazi dutenez, festibalaren hirugarren edizioak izugarrizko harrera izan du, eta aurreikusitako espektatiba guztiak gainditu ditu.