Cristóbal Hara
Cristobal Harak (Madril, 1946) bere lehen haurtzaroa Filipinetan eman zuen. Ama, alemaniarra jatorriz, bera jaio eta gutxira hil zen. Aitak, beranduago, estatubatuar batekin ezkondu zenean, herrialde amerikarrera eraman zuen denbora batez. Bederatzi urte zituela, Valladolideko eskola jesuitan sartu zuten, Espainia frankista hartako ikastetxe bat, bertan diktadurak eta erlijioak markatzen zuten egunerokoa. Madrilen, Hamburgon eta Munichen Zuzenbidea eta Enpresen Zuzendaritza ikasi zuen. Londresen bizi zela 1972an, Henri Cartier-Bresson-en lana ezagutu ostean, argazkilaritzan aritzea erabaki zuen, hortaz, ikasketak utzi zituen. Bere lana Three Photographers erakusketa ibiltarian izan zen lehen aldiz ikusgai, Victoria & Albert Museum-ak antolatuta. 1980an jarri zen behin betiko gure herrian bizitzen.
Autodidakta da, kale argazkiak eginda ikasi zuen argazkiak ateratzen. Bere lehenengo argazkiak txuri-beltzean izan ziren, Henri Cartier-Bressonen edo Robert Frank-en oinarritutako estilo klasiko batekin, garaiko erreportajearen arauak jarraituta. 1985ean aurkitu zuen bere bidea, kolorearekin esperimentatzen ari zela, errealitatea eta fikzioaren arteko mugak lausotzen diren norabidea jorratuta. Espainiar margolariak izan ditu erreferente: Goya, Velázquez, José de Ribera…
«Irudiak modu askotara egiten dira. Kolorera pasa nintzenean, egin nuen lehenengo gauza zezenekin lan egitea izan zen; gaia hain zen bortitza, esperimentatu nezakeela. Eta orduan ikasi nuen nire hizkera propioa erabiltzen.
Zer zen hizkera? Bada, arau sorta bat bazegoen: garrantzitsuena erdian jartzen duzu, edo herenen erregela, edo begiraden garrantzia… argazkilaritza dokumentalaren zati handi bat begiraden sentimentaltasunean oinarritzen da. Arau bakoitza hartu eta alternatibak bilatzen hasi nintzen. Motiboak erdigunetik ateratzen nituen, buruak mozten. Nik banekien zein zen han egin behar zen argazki «ona», baina bestelako bat egin nahi nuen.»
Hainbat argitalpen ditu, horien artean nabarmentzen dira ‘4 cosas de España’, ‘Lances de Aldea’, ‘Contranatura’, ‘Autobiography’, ‘An imaginary Spaniard’ edo txalokatutako ‘Vanitas’ eta ‘Los ensayos banales’, argazkilariei zuzendutako hamar liburu espezializatuk osatzen duten bilduma bat,non argazkilaritzaz hitz egiten den eta irudien beraien bitartez argazki hizkeraz hausnartzen.
Bere argazkiak Camera, DU, Aperture, Photovision eta European Photography bezalako aldizkarietan argitaratu dira; bai eta El País, La Vanguardia eta El Semanal aldizkarietan ere. Marlborough eta Blanca Berlin galeriek ordezkatzen dute, biak Madrilen.
Bere lana, besteren artean, Amsterdamgo Stedelijk Museumean, The Art Institute of Chicago, Madrilgo Reina Sofia Museoan eta Londresko Victoria & Albert Museumean dago.
PhotoEspaña 1999 Liburu Onenari saria ‘Vanitas’ lanagatik.
‹Autobiography› lanagatik argazki liburuari sari alemaniarra (Deutscher Fotobuchpreis 2008).
Argazkilaritzan espainiar ibilbide profesional onenari Bartolomé Ros saria PHotoEspaña 2016.